Gerra hotzaren osteko gerra hotsak dabiltza Europan. Aldez edo moldez bakea bermatzeko gerrarako prestatzen ari dira agintari nagusiak, «si vis pacem, para bellum». Horiek darabilten lengoaia belikoak eta horrek dakarren armamentu-lasterketa hiperaktiboak ez du atze onik. Pedagogia harrigarriz mintzo zaizkigu ezinbestekoa dela berrarmatzea. Han eta hemen hasi zaizkigu armen inbentarioa egiten. Zedarriak-ek armagintzan inbertitzea aukera paregabetzat dauka. Jaurlaritzak eman dio (duda ala?) bere bedeinkapena. Gerra da nonbait dagoen aukera bakar eta saihetsezina. Bizitza duinak bermatzeko dirurik ez da, baina gerrarako dabilen txanpon hotsak ez du mugarik. «Bakea egiteko presta dezagun bakea» dio latinezko beste esaldiak «si vis pacem, para pacem». Ez al da logikoagoa? Bizitzan inbertitu beharrean, heriotzan inbertitzeak badakigu zer dakarren; baina, gainera, ikuspuntu makroekonomikotik ere ez dauka zentzurik erabiliko ez den armamentu hori guztia herdoiltzen uzteak. Yan Varoufakisen hitzak dira.
«ReArm Europe» deitu diote Europar Batasunaren liburu zuriari. «Disuasioa» deitzen diote. Gure armek ez dute ustez odolik eta minik eragingo. «Europaren ordua heldu da» antza. Jendearen patriotismoa goraipatuz armak ekoizten dituzten enpresetan inbertitu eta akziodun bilakatzeko dei egin die herritarrei frantziar Gobernuak. Macron presidente ez-presidenteak atrezzoa aldatu eta base militarretan dabil mikroa hartuta. Militarren erdian dela tonu grabea du. Are solemnea. Frantziak ei dauka Europako armadarik prestatuena. Eta soa ortzi-mugan galdua duela Frantziak duen bokazio nuklearrarekin aurrera jarraitu eta ASN4G misil supersonikoa ekarriko duela esan du moko fier.
«Aberriaren alde hiltzen garela uste dugu, baina armagintza-enpresetako ugazaben alde hiltzen gara», zioen Anatole France-k. Interes ekonomiko, ideologiko eta elektoralak ez ote dauden bizitzen aurretik. Horra, finean, dedukzioa. Ikusiak ikusita, ez baitakit eskala handiko horrelako gerretan garailerik izaten den, baina galdu betikoek galtzen dutela argi dago.